XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina hura ere bukatu zen.

- Hamazazpi urte dauzkak eta oraindik ofiziorik ez! kezkatuta zegoen ama.

Horregatik eraman ninduen Jazintorengana, haren lanbidea ikas nezan.

- Ebanista fina da Trokoniz jauna esan zion amak aitari.

Hark irakatsiko dio ongi.

Pintoreria kalean zuen lantokia, etxe zahar bateko sotoan.

Berrogeita hamar urte izango zituen ezagutu nuenean.

Gizon garaia, sudur luzea, ile urdin baina ugarikoa.

Bostekoan nabaritú nion indarra.

- Heu haiz orduan Ricardo, Angelines Abeziaren semea kemenaz heldu zidan eskua.

Ongi etorria geurera!

- Eskerrik asko, jauna.

Tabakoa atera eta eskaini egin zidan.

Dudan egon nintzen une batez, baina onartu egin nion.

Elkarri begira erre genuen, isiltasunean.

Une hartan jakin nuen elkar ondo hartuko genuena.

Zigarreta bukatutakoan erakutsi zidan tokia.

Berdez margoturiko ate batek bi gela bereizten zituen.

Aurrealdean, geu geunden hartan, zura lantzen zuen.

Arotz lanmahaiak hartzen zuen leku gehiena.

Ikatzez egindako marrazkiak zeuden paretetan: hosto eta abartxoak behetik gora kiribiltzen, ezker-eskuin itzalak sortuz grisetik beltzera.

Agerikoak ziren maisu izango nuenaren eskuaren abilezia eta tenplea.

Ohe sendo bateko burualdea apainduko zuen zurezko pieza jarri zidan aurrean.

- Egurra ezagutzen ikasi beharko duk lehen-lehenik.

Eta ukitzen ondoren.

Hortik hasten duk dena.

Ez zagok beste sekreturik.

Ez zidan gezurrik esan, baina sekreturik bazegoen.

Ate berdea zabaldu zuen, (...)